Eusko Eguna, tokiko monetaren 10. urtebetetzea
Apirilaren 13an, larunbatean, Ezpeletako merkatuan
Udaberri honetan ere Eusko Eguna ospatuko da Ezpeletako merkatu estalian, iaz, tokiko monetaren 10. urtebetetzearen karietara, 1.500 pertsona bildu ondoan.
Aurten, besta herrikoi handia antolatuko da, apirilaren 13an, larunbatean. Aktibitate eta animazio anitz izanen dira, eta, hola, haurrak eta helduak loriatuko dira, goizetik gaueko ordu ttipietara!
Eguna 10:00etan hasiko da, elkarteen herrixkarekin, laborarien eta artisauen merkatuarekin eta jantzi eta sehaska hustearekin. Eskola oporretako lehen asteburua izanen denez, hainbat aktibitate proposatuko zaizkie haurrei, goizetik arratsera.
Hauek dira goizean huts egin ezin diren hitzorduak: Pilota partida Oinatz Bengoetxea txapeldunarekin, Euskara iniziazio tailerra, bisita gidatua Ezpeletako herri barnean, “Euskoa: hazkunde-ondoko gizarterako trantsizio-tresna” hitzaldia, Ralentir ou périr liburuaren idazlea den Timothée Parrique ekonomialariarekin, Elise Dillet, Bizi!-ko militantea eta Euskal Hirigune Elkargoko kontseilari ordezkaria den Maitena Curutchetekin.
Eguerdian, iaz bezala, laborarien brunch-a prestatuko da, laborarien merkatuko produktuekin. Eta arratsean, tokiko produktuekin ere, klasiko handi bat moldatuko da: tartifleta!
Egun osoan giro goxo eta alaia segurtatzeko, Txitxirioak txaranga, jendea leku batetik bestera ibilaraziko duen Tipli Tapla batukada eta zango-makolen ikuskizuna izanen dira. Gero, arratsean, Patxi eta Konpaniak Dantza Piko eskainiko du eta Herrian Kantuz koruaren boz ederrak entzunen dira. Azkenik, Kontrabanda taldeak kontzertua joko du, eta gaualdia bururatuko da DJ Doy ezpeletarrarekin!
Laguntzaile izan nahi?
300 lan txanda baino gehiago bete behar ditugu: egunean berean bistan da, baina baita gertakaria baino lehenago eta geroago ere!
Sartzea urririk eta libro denentzat, goizetik gauera!
Egitarau osoa eta ordutegia: euskoeguna.euskalmoneta.org
